Angilak eta angulak
Tolosaldeako HITZA, 2012ko Urtarrilaren 14ean
Nahiz eta arrain itxurarik ez izan, arrain bat da, nahiz eta bere kumeak erreketan harrapatzen ditugun, itsasoan jaiotzen da eta nahiz eta bere kumeen kiloa mila eurotik gora ordaintzen den, urtero ederki saltzen da… benetan animalia xelebrea dugu gure angila eta bere kumetxoa: angula.
Behin jan ditut angulak, gaztea nintzela, beraien prezioa ez zenean gaur egungoa. Lurrezko kaxuela batean atera zizkidan ene amak zizare itxurako animaliatxo haiek, espagetiak bailiren sardeskarekin ziztatu, bira batzuk eman eta ahoan sartu nituen arrain itxurarik gabeko arraintxo haiek.
Lehenengo ahokada sartu eta hortzen artean “krisk!” nola egiten zuten nabaritu nuenean erabaki nuen gehiago ez nituela jango xomorro nazkagarri haiek, hura nazka! Ordundik aurrera, angulen ordezko “plastikozko angulak” askoz gusturago jaten ditut.
Angulak ahoan sartu eta “krisk” hura zer ote zen ikertzen hasi zen oraindik biologoa ez zen nire zerebro gazte hura. Hor konturatu nitzen, angula, angilaren kumea dela eta angila, amuarraina bezalaxe arrain bat dela, nahiz eta suge baten itxura luzanga duen. Beraz ahoan “krisk” soinu nazkagarria eta gogoangarri hura atera zutenak, angularen bizkar hezurra, buruhezurra eta bestelako hezurtxoak izango ziren.
Ahoan lakatzak dira angulak, izan ere, arrain orok bezala ezkatak dituzte eta gure mihian lija baten modura igarotzen dira, gainera, jan aurretik ehunaka angulatxoen begiak ikusi ahal dira guri begira. Ba omen da Euskal Herriko bazterren batean, plastikozko angulak, benetako angulen ordez saltzen dituen jatetxe bat, aurrez plastikozko angulei boligrafoarekin begian pintatuz.
Kontuak kontu, angila da gaur egun kontsumitzen den arrainik misteriotsuena. Biologoek ez dakite oraindik angulak zehazki zein itsasotan jaiotzen diren, dakitena da, angulatxo jaioberria bizi indar handiaz jaiotzen dela, zeren nahiz eta zentimetro gutxi izan, milioika metro kubiko dituen itsaso zabalean igerian hasten da Golfoko korrontean zehar erreka baten bila, inongo GPS-rik gabe.
10 hilabeteko bidaia harriskutsuaren ostean, angulatxoa errekan gora hasten da igerian, baina hau egiteko bere buruan itxura aldaketa haundiak pairatzen ditu. Lehenik “angila-hori” bihurtzen da, milimetro bat inguru neurtzen duen angulatxo horizta da. Harrapariak ekiditeko, gauen eta ibaia lokaztua dagoenean soilik egiten du igeri eta egunez ibaipeko zoru lokaztuan gordetzen da.
Metro erdiko tamaina hartzen duenean, eta ibaian gora igeri egitea zailagoa denean, beste eraldaketa bat pairatzen du angila horiak. Bigarren eraldaketa honetan “Agila-zilarkara” bihurtzen da, izenak dioen bezala, zilar itxura hartzen du eta batez ere begiak haunditzen zaizkio, momentu honetan ugaltzeko presto dago… eta hemen dator txistea.
Milaka kilometrotara dagoen itsaso ezezagun baten azpian jaio, gure ibaietara etortzen ehunka harrisku igaro, ibaian gora joan, eta azkenik, sexualki heldua den gure angila zilarkarak ibaian buelta erdia hartu eta berriro itsasora doa ugaltzera. Honi deitzen zaio “alper biajea”.
Noski, angilak bidaia hau egiteko arrazoi bat badu, bizidunek alferrikan ez dituzte gauza gehiegi egiten, nonbait angilaren hazkuntzan ezinezkoa da itsas ingurunean eta ibaietako ur geza eta bertako elikagaiak beharrezkoak ditu heldu bihurtu eta ugaltzeko. Ez diot beste arrazoirik aurkitzen.
Beraz, angila zilarkara badoa ibaian behera itsasorantza, berriro bueltako bidea egitera eta itsaso sakon eta ezezagun batean arrautzak ipintzera. Arrautz hauetatik berriro angulak aterako dira eta bidean gure txintxorroekin eta sareekin ez baditugu harrapatzen behintzat, hauek ere gure ibaietara iritsi eta berriro itsasora bueltatuko dira. Milioika urtetan egin den ziklo etenezina errepikatuz.
Jakin dezatela nire irakurleek, XX. mendearen haseran angila eta angula oso ugariak zirela gurean, baina gure urtegiek, industriak eta kontrol gabeko arrantzak, gaur egungo egoera kaxkarrera eraman ditu. Ea zorte eta borondate pixka batekin, egin dituzten birpopulazioek arrakasta duten.
Angula txikien moduko bizidunak bisitatzeko aukera izan nuen lehengo astean Alegiako San Juan Herri Ikastetxeko LH4 gelan, neska mutil haiek ere angulen moduan, ez dira makalak! Poza ematen du belaunaldi berriek dakarten jakinmin handiaren testigu izatea, poza ematen du zutabetxo hau beraien gelako paretetan ikustea eta poz handia beraien kuadernoan autografoak sinatzea. Zutabe honen erreleboa aseguratuta dago! Aupa zuek!!!
Eta angula nekaezinen modura, jarraitu bioaniztasunetik.com bisitatzen eta bioaniztasunetik@hotmail.com-era idazten. Iñauterion!!!!!



